Gero eta pertsona gehiagok, adina, ikasketa-maila edo lana alde batera utzita, hainbat aldiz berrasmatzen dute beren burua lan-ibilbidean zehar, ezagutzak eta trebetasunak eguneratuz eta hobetuz. Beti ikas daiteke zerbait berria, eta horretan oinarritzen da bizialdi osoko etengabeko prestakuntzaren printzipioa, langileari nahiz enpresari mesede egiten diona.

Horren adibide dira Sara Bozal Galindo eta Cristina Laguna Casas, BIRTLHko bi ikasle, beren lan-etorkizuna gidatu eta, denbora errekorrean, beren bizitza profesionalari erabateko bira eman arte bideratu dutenak. Web Aplikazioen Garapena eta Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena goi-mailako zikloetako bi ikasle horiek nahiko argi zuten bizitza osorako lana iraganeko kontua dela, eta bi urte pasatxotan titulazio berria eta lan berria estreinatu dituzte.

Administraria izatetik plataforma anitzeko aplikazioen garatzaile izatera…

Cristina: Bai, nire ibilbide profesionalean erabateko aldaketa izan da. Duela hilabete batzuk aholkularitza-enpresa batean praktikak egiten hasi nintzen, eta praktikaldia amaitzean, garatzaile junior postu bat eskaini zidaten; beraz, positiboagoa ezin zitekeen izan esperientzia. Bertan jarraitzen dut, eta, egia esan, esan dezaket nire lan-egoerak hobera egin duela. Gainera, sektorea goraldian dagoela uste dut, eta ikasketekin gehi lortzen ari naizen esperientziarekin aukera berriak irekitzen zaizkit.

Eta ostalaritza mundutik web programatzaile izatera…

Sara: Hala da. Aldaketa hobera izan da, batez ere lan-ordutegiei dagokienez. Praktikak datuen analisian oinarritutako enpresa batean egin nituen, eta programatzaile gisa geratzea eskaini zidatenean, ez nuen birritan pentsatu.

“Interesgarriena da, DAW eta DAM zikloek irakasgaiak partekatzen dituztela”

Sara eta Cristina,  Web aplikazioen garapena eta Plataforma anitzeko aplikazioen garapena tituludunak

Zerk bultzatu zintuzten online LHko ziklo hauek ikastera?

Sara: Nik lanez aldatzeko gogoa nuen, ostalaritzarekin zerikusirik ez zuen zerbaitera; beraz, aukerak aztertzen hasi nintzen. Lanean ari nintzenez, online izan behar zuen. Unibertsitateko ikasketak baztertu egin nituen, irakasgai gutxitan matrikula nintekeelako eta gehiegi luzatuko zirelako. Informazio bila BIRTLHn amaitu nuen, gustatu zitzaidan, eta informatika beti interesatu zaidanez, DAWn matrikulatzea erabaki nuen.

Kristina: Nik beti ikasi nahi izan dut programatzen, baina lanean ari nintzenez, ordutegien bateraezintasunagatik, ezin nuen aurrez aurre ikasi, eta urrutitik ikasteko aukera baloratu nuen eta BIRTLH aurkitu nuen. Hasieran, errezeloren bat nuen online ikastea nolakoa izango ote zen, baina BIRTLHren webguneak ematen zuen informazioa argia iruditu zitzaidan, eta itxura ona zuenez, animatu egin nintzen.

2 urtean goi-mailako ziklo bat ateratzea online, zuen espediente akademikoarekin eta, gainera, lanean egonda, ez da ohikoena. Nolakoa izan da esperientzia?

Sara: Bai, zaila izan da, baina merezi izan du. Lehenengo urtean 4 irakasgaitan bakarrik matrikulatu nintzen lanean ari nintzelako. Gero langabezian geratu nintzen eta gainerako irakasgaiak egiteko aprobetxatu nuen, LP eta Proiektua izan ezik, modulurik ezin izan nuenez baliozkotu, zortzi modulu egin behar izan nituen. Oso ondo antolatzea izan da gakoa, bai lehenengo urtean lanarekin, bai bigarrenean hainbeste ikasgairekin.

Cristina: Sarak aipatzen duen gakoa BIRTLHn ikastearen abantailetako bat ere bada: nahi duzun moduan antola zaitezke. Nire kasuan, baimendutako gehieneko moduluetan matrikulatzea erabaki nuen urte bakoitzean, eta, gero, azken lauhileko honetan, Proiektua eta Lantokiko Prestakuntza uztartu ditut. Ez duzu aurrez ezarritako ordutegirik, aurrez aurreko prestakuntzan bezala; beraz, pertsona bakoitzak bere burua antolatu behar du azken orduko estutasunak saihesteko. Hori bai, zeregin bakoitzak entrega-data du, baina hasieratik esaten dizkizute zeintzuk diren epeak eta baita lana burutzeko behar den denbora estimazio bat ere, horrek erraztu egiten du lan bakoitza bere epean antolatu eta entregatu ahal izatea.  Nik ere ezin izan nuen modulurik baliozkotu, guztiak egin behar izan ditut, beraz, erronka konstantea izatea eta motibazioa mantentzea izan da, zikloa ahalik eta denbora laburrenean amaitu ahal izateko.

Lortu izanak are konfiantza eta motibazio handiagoa eman dizue, dirudienez ez baita hemen amaitzen BIRTLHko prestakuntza-etapa.

Kristina: Zalantzarik gabe, nire ibilbideak BIRTLHn aurrera jarraituko du . Datorren ikasturtean DAW modulu batzuetan izena eman nahiko nuke. Interesgarriena da DAMek, ikasi nuen zikloak, DAWrekin partekatzen dituela irakasgaiak, eta, beraz, modulu gutxi batzuk gehiago eginez (gehi proiektua) beste titulazio bat lortu ahal izango dudala. Programazioan oso garrantzitsua da prestatzen jarraitzea, beraz, lasaiago, web programazioari buruzko ezagutzak zabaldu nahi ditut nire lana hobetzeko.

Sara: Oraindik ez nago ziur, baina litekeena da datorren urtean ni DAMen matrikulatzea. Cristinak dioen bezala, DAW titulua dudanez, ikasgai dezente baliozkotzen dizkidate, eta interesgarria iruditzen zait bi tituluak izatea. Beste aukera bat lanean ari naizen enpresan erabiltzen den programazio-lengoaiaren batean trebatzea da. Oraindik ez daukat argi.

Mezuren bat gure ikastetxean matrikulatzea pentsatzen ari den batentzat?

Sara: Pentsatu badute, pertsonalki edo profesionalki garatzeko modua bilatzen ari direlako da. Online ikastearen alde ona da irakasgai kopurua zure beharretara egokitu dezakezula, hau da, ikasgai gehiagotan edo gutxiagotan matrikula zaitezke, duzun denboraren arabera. Horrek ez du esan nahi erraza denik, konstantea izan behar da, baina lor daiteke.

Kristina: Animo mundu guztiari, inoiz ez da berandu ikasteko. Hasiera batean zalantzak izan daitezke online izateagatik, baina berehala desagertzen dira: unitate bakoitzak bere azalpen-bideoak ditu, zalantza-foroak ere oso erabilgarriak dira, jendea beti dago prest laguntzeko eta bere aletxoa emateko zalantzak argitzeko. Gainera, egindako lana eskertzeko aukera aprobetxatuz, irakasleak oso gertukoak izan direla azpimarratu nahi dut, posta elektroniko, foro edo bideo-tutoretzen bidez harremanetan jar daitezke, azkar erantzuten dute eta zure ikaskuntzan inplikatzen dira. Une oro laguntzeko daude.

Eskerrik asko bioi zuen esperientzia kontatzera animatzeagatik, eta, batez ere, zorte on!