Mundu osoko 800 Moodler baino gehiago bildu dira joan den astean Bartzelonan egin den MoodleMoot Global 2022an, hezkuntzaren etorkizunerako jardunbide onenak ikasi, aztertu eta partekatzeko. BIRTLHko Laguntza taldeko Nora Olañetak eta Ana De Antoniok ere parte hartu dute hezkuntza-programa honetan, kontuan izan BIRTLHren Ikasgela Birtuala Moodlen oinarrituta dagoela. Antolatzaileek eta bertaratutakoek “inspiratzailetzat” jo dute egitaraua, “hitzaldi magistralekin, tailerrekin eta saio praktiko ugarikin”. “MoodleMoot Global 2022ra joateak hiru gauza eman dizkigu batez ere: datozen urteetan Moodle norantz joango den jakitea, irakatsi eta ikasteko prozesua eralda dezaketen ideiak hartzea eta Moodle komunitate desberdinetako pertsonekin harremanetan jartzea” esan digute Norak eta Anak nazioarteko topaketaren hogeigarren edizio honetan izandako parte-hartzeari buruz. “Gainera, orain #mooteu23 ekitaldia antolatzea dagokigu, eta oso ondo etorri zaigu bertatik bertara ikustea nola egiten den horrelako ekitaldi bat.”

Ana eta Nora #MoodleMoot2022ren irekiera saiora sarzteko.

Ana eta Nora #MoodleMoot2022ren irekiera saiora sartzeko.

MoodleMoot Global 2022ra joateak hiru gauza eman dizkigu batez ere: datozen urteetan Moodle norantz joango den jakitea, irakatsi eta ikasteko prozesua eralda dezaketen ideiak hartzea eta Moodle komunitate desberdinetako pertsonekin harremanetan jartzea

MoodleMoot, horren berri izan ez duenarentzat, teknologiarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten alderdiak lantzen dituen proiektua da. Pertsona-talde batek sustatzen du, borondatez, hausnartzeko, ikasteko eta Moodle bezalako ingurune teknologiko-digital baten irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eraldatzen lagunduko duten lotura berriak bultzatzeko. Esan zuen Martin Dougiamasak ere, Moodle-ren CEO eta sortzaileak, Bartzelonako edizio honetako  “Moodle nora eraman dezakegu?” irekiera hitzaldian, gaur egun, lankidetza inoiz baino garrantzitsuagoa da ikaskuntza irekian aurrera egiteko.

BIRTLHk erronka horrekin bat egin zuen joan den ekainean Deustuko Unibertsitatearen eskutik lekukoa hartu zuenean, #mooteu23, MoodleMootaren hurrengo edizioa antolatzeko. Joango gara prestaketen berri ematen…