Suhiltzaileen parkeak, Osakidetzako helikopteroa edo Ertzaintzaren zaintza- eta erreskate-unitatea dira BIRTLHko Osasun Larrialdietako ikasleek aurtengo eskolaz kanpoko jardueren egitarauaren barruan bisitatuko dituzten tokietako batzuk.

“Suhiltzaileen parkean beraien lana azaldu eta auto batean harrapatuta dagoen biktima bat ateratzeko simulazio bat ere egiten digute, simulazioa izanda ere, ikaragarria izaten da!” 

Estitxu Iriondo ziklo horretako koordinatzailea da, eta berarekin egon gara hizketan irteera hauen nondik norakoak ezagutzeko:Ikasleek osasun–larrialdien antolamendua hurbilagotik ezagutu eta etorkizun batean, zein beste taldeekin egingo duten lan ikus dezaten antolatzen ditugu irteerak. Suhiltzaileen parkean adibidez beraien lana azaldu eta auto batean harrapatuta dagoen biktima bat ateratzeko simulazio bat ere egiten digute, simulazioa izanda ere, ikaragarria izaten da! Ertzaintzaren zaintza- eta erreskate-unitatean itsasoko erreskateetarako igerilekuan egiten dituzten ariketak eta mendiko erreskateen simulazioak ere ikusten ditugu, txakurrekin erakustaldia ere egiten digute…”

Urtero errebisatzen eta egokitzen da eskolaz-kanpokoen programa: “Ertzaintzaren zaintza- eta erreskate-unitatearen Iurretako basera iaz joan ginen lehenengoz eta hain aberasgarria iruditu zitzaigun, urteko planen barruan sartzea erabaki genuela. Osakidetzako helikopteroarena aurtengo nobedadea izan da, eta benetan interesgarria izan da espazio horretan aritzen diren erizainen eta medikuen lana ezagutzeko.”

Irteeraren arabera, parte-hartzea borondatezkoa edo derrigorrezkoa izan daiteke, hau da, kasuan kasuko moduluaren notarako ere kontuan hartzen da. “Dena den, eta beti ere plaza kopuruen arabera, ikasle guztiei zabaltzen diegu joateko gonbitea eta harrera benetan izaten da positiboa.” gaineratu du irakasleak.

“Oso gustora aritu gara beraiekin, primeran tratatu gaituzte” 

Jarduera hauek ikastetxearen eta erakundeen arteko elkarlanetik datoz eta oso positiboki baloratzen dituzte parte-hartzaileek ere, Joana Diente orain arte egindako irteera guztietan parte hartzeko parada izan duen ikasleetako bat da, eta bere esanetan oso aberasgarriak izan dira. “Oso interesgarria izan da larrialdietako taldeek nola lan egiten duten ezagutzea. Oso gustora aritu gara beraiekin, primeran tratatu gaituzte. Guztiz gomendarriak!