Gaur, Azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean, BIRTLHk bat egiten du Emakunderen kanpainarekin: “Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena”, eta aurten adineko emakumeek pairatzen duten indarkeria ezkutuan jarri nahi dute arreta.

Indarkeria hori desagerrarazten lagun dezakegu, indarkeria-egoera horiek salatuz eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan eginez, “Indarkeria desberdintasunaren ondorioa baita, eta, aldi berean, hura mantentzeko mekanismoetako bat”.

2015a geroztik, gure ikastetxeak ekintza zehatzak garatzen ditu berdintasuna lortzen laguntzeko, irakaskuntza jardueran genero-ikuspegia txertatuz. Materialen, gela birtuala eta web orriko baliabideen eta informazioaren egokitze etengabea alderdi azpimarragarria da, hizkuntzaren eta irudiaren erabilera berdintasunezkoa eta ez-sexista eginez.

Beste helburuetako bat, hezkuntza orientazio ez-sexista eskaintzea da, lanbide-heziketako zikloetan gertatzen den bereizketa handia gainditzen laguntzeko. Era berean, hiztegi ez-sexistari buruzko gomendioak biltzen dituen dokumentu bat egin da, BIRTLHko profesionalek erabiltzeko.

Ikasleen asebetetzeari buruzko azken inkesta masiboan, ikastetxeko genero tratamenduarekiko asebetetze-maila 4,43 puntukoa izan zen, 5etik. Honek, ildo horretan lanean jarraitzera animatzen gaitu.