Kalitatezko irakaskuntza bermatzea zutabe estrategikoa izan da eta izaten jarraitzen du BIRTLHren ibilbidean, eta duela gutxi ibilbideari eginiko errekonozimendua jaso du ISO 9001 Kalitate Ziurtagiria lortuta. Izan ere, Hezkuntzan paradigma berriak iritsi izanak eta kalitatea kontzeptuaren bilakaerak, beste hezkuntza-erakunde askok bezala, BIRTLH erakundeak bere helburuak ISO 9001 estandarrean jartzea ekarri zuen, bere kudeaketa-prozesuak hobetzeko eta ikaskuntzan emaitza hobeak lortzeko.

Naiara Gomez Casasola ikastetxeko Kalitate arduraduna da, eta prozesu guztien etengabeko hobekuntzaren jarraipen zehatza egiteaz eta gidatzeaz arduratzen da.

Naiara Gomez, pozik ziurtagiriarekin

Zer esan nahi du BIRTLHrentzat ISO ziurtagiria lortzeak? Hobeak gara orain?

Hobeak izatea baino gehiago, ziurtagiria lortzeak adierazten digu kanpoko enpresa batek kalitate-estandar jakin batzuk betetzen ditugula egiaztatu duela. Ikasleentzat, ikastetxeko kudeaketa-sistemak behar bezala funtzionatzeko baldintza batzuk betetzen direla bermatzea dakar. Horrek zuzenean eragiten dio ematen zaion arretari, matrikulazio-prozesutik ikasleak titulua lortzen duen arte.

Kalitatea kontzeptuak oso abstraktua dirudi. Gure ikasleek nola nabarituko dute BIRTLHk kalitate-egiaztapena duela?

Ikasleek ikus dezakete pantailaren atzean lan egiteko modu sendoa dagoela, ondo definitutakoa. Online edo aurrez-aurreko saioak, materialak eta bideoak ez dira bat-bateko edukiak. Horren atzean talde-lan bat dago, prozedura bidez egindakoa eta helburu argi bat duena: ikasteko prozesua ahalik eta eraginkorrena izatea.

Adibidez, beste edozein sektoretan bezala, hemen ere gorabeherak gertatzen dira, askotan saihestezinak, hala nola ikastetxearekin zerikusirik ez duten kontu teknikoak. Ezusteko horien aurrean zer egin jasota eta ondo zehaztuta dago, eta horrek markatzen du Kalitatea Kudeatzeko Sistema baten eta sistema inprobisatuago baten arteko aldea.

Suposatzen dut langile guztien inplikazioa funtsezkoa dela Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezartzeko…

Zalantzarik gabe. Pertsona guztien inplikazioa eta parte-hartzea funtsezkoa da behar bezala garatu ahal izateko. Kalitatea Kudeatzeko Sistema ondo koipeztatutako makina gisa ulertu behar da, zeinean zerbait desegokitzen bada, kirrinka egiten baitu.

Zorionez, egiten diren doikuntzetatik ideia edo proiektu handiak sortzen dira, eta askotan hobetzeko aukera handia dira. Etengabeko hobekuntzaren kontzeptua oso lotuta dago ahulezia baten ondoren sendotasun bat sor daitekeelako ideiarekin, behar bezala bideratuz gero.

…ados egongo zarelako Kalitatea askotan zerbait aspergarria bezala ikusten dela…, sentitu al duzu inoiz langileak uxatzen zenituela gai honekin hurbiltzen zinenean?

Bai, eta ez diet errurik botatzen. Kalitatea Kudeatzeko Sistemak erabiltzen hasi zirenean, oso prozesu dokumentalista zen, eta ez zen batere praktikoa. Gure erronka orain kalitate-sistemek lanak zaildu ordez, erraztu egiten dituztela ikustaraztea da.

Badaukagu ziurtagiria, eta orain zer?

Orain aurrera jarraitu behar dugu. Ziurtagiria lortzea egindako lanaren errekonozimendutzat hartu behar da, baina ez helburutzat. Eta lehen esan dugun bezala, kalitatearen kontzeptuari estuki lotuta dago etengabeko hobekuntzarena, eta horrek berekin dakar irakaskuntza-ikaskuntza metodologia berrien, baliabide teknologikoen eta berrikuntza-programen berri izatea.

Azken bitxikeria bat. Duela gutxi Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu dugu. Jasotzen al da, nolabait, genero-berdintasuna kalitatea kudeatzeko sistemetan?

Urrats txikiak ematen ari dira, baina, aldi berean, aurrerapauso garrantzitsuak dira. Adibidez, berdintasun-planei eta haien erregistroari buruzko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera, 50 langiletik gorako enpresa guztiek berdintasun-plan bat izan behar dute plantillan.

BIRTLHk Berdintasunerako Ekintzen Plan bat du, eta bertan jasotzen da, besteak beste, erabilitako dokumentazioan genero-berdintasuna sustatzeko helburu estrategikoa. Beste helburu mota batzuk ere jasotzen dira, hala nola tradizioz maskulinizatutako heziketa-zikloetan emakumeen matrikulazioa handitzea.