Ikasleen ibilbidean zehar bada geltoki bat guztietan ezberdina dena, eta aldi berean, esperientzia bakar eta desberdin bat izaten dena bakoitzarentzat: Lantokiko Prestakuntza. Modulu honetan, ikasleek aukera dute ikasitakoa aplikatzeko eta ikastetxean eskuratutako lanbide-gaitasuna osatzeko. BIRTLHko 70 ikaslek baino gehiagok enpresetan egingo dute prestakuntza praktikoa lehen lauhileko honetan, azken bi ikasturteetako normaltasunik handienean.

Izan ere, bizitzako beste esparru batzuekin gertatu den bezala, bereziki hezkuntza eta lan mailan, COVID-19ak praktika horiek berrantolatzera behartu ditu, pandemiak gehien kaltetu dituenak Lanbide Heziketari dagokionez, eta ikasleei ikasketak berdin prestatuta amaitzeko aukera emango dieten alternatibak bilatu eta diseinatu behar izan dira. 2019-20 ikasturtean enpresetan jarduera guztiak konfinatu eta bertan behera geratu zirenez, enpresek ez zuten beren gain hartu ikasturte horretan ikasleen prestakuntza praktiko guztia, eta lantokiko prestakuntzako berezko enpresetako egonaldia, kasu askotan, “LP+PROIEKTUA” beste modulu batek ordezkatu behar izan zuen,  egoerari egokituta.

Gaur egun, Sukaldaritzako 8 ikasle ditugu praktiketan, eta higiene-neurri guztiak mantentzen diren arren, egonkortasuna berreskuratu da

Hurrengo ikasturtean, 2020-21ean, normaltasunerako lehen urratsa eman zen, baina ez zailtasunik gabe, nabarmenagoak sektore batzuetan: “Ostalaritzan itxiera-aldiak izan dira, edukiera eta ordutegiak mugatuta egon dira, eta kasu askotan, neurri hoiek establezimenduak behin betiko ixtea ere ekarri dute, eta horrek zaildu egin ditu praktikak. Zenbait kasutan, gure ikasleak birkokatu behar izan genituen iaz, lantokiko prestakuntza hasi zuten jatetxea itxi egin behar izan zutelako”  esan digu Aranzazu Liceranzuk, Sukaldaritza eta Gastronomia zikloko Lantokiko Prestakuntzako arduradunak. “Gaur egun, Sukaldaritzako 8 ikasle ditugu praktiketan, eta higiene-neurri guztiak mantentzen diren arren, egonkortasuna berreskuratu da”. Telelanaren modalitatea ere nagusitu zen aurreko ikasturtean, praktika motaren arabera, ziklo batzuetan: “Iaz ez bezala, aurten gure praktiketako ikasle guztiek, bulego teknikoetan gehienbat, enpresan bertan egingo dituzte praktikak, eta aurreko ikasturtean, berriz, askok telelanaren bidez egin zituzten, bulegoetako langileak ere horrela ari zirelako” azaldu du Jon Murgiondok, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ziklokoak.

Lanean NBEak erabiltzearen garrantzia barneratu da, eta ez soilik COVID-19aren aurrean

Maila emozionalean, joan den urtarrilean Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasle batek kontatu bezala, ziklo honetako eta Osasun Larrialdiak zikloko ikasleek unerik zailenak bizi izan zituzten aurreko ikasturtean. “Lanean NBEak erabiltzearen garrantzia barneratu da, eta ez soilik COVID-19aren aurrean”  kontatu digute ziklo horietako irakasleek. Espero dugu iraganeko zailtasunek lanbide-heziketaren funtsezko elementu hori indartzen lagunduko dutela.