Sukaldarien Nazioarteko Eguna urriaren 20an ospatu zen. Hori dela eta, EITBko Biba zuek programako kamerak Gamarra Ostalaritza Eskolan egin genuen aurrez aurreko saio batera etorri ziren. Gure ikasleek nola lan egiten duten bertatik bertara ikusi zuten.
Bisita eta ospakizuna baliatuta, Aranzazu Liceranzurekin hitz egin dugu. BIRTLHko Sukaldaritza eta Gastronomia zikloko koordinatzailea da. 15 urte baino gehiago daramatza sukaldaritzako etorkizuneko profesionalak irakaskuntza erdipresentzialean prestatzen eta gidatzen. Hasieran ULHIn aritu zen, eta gaur egun BIRTLHn.
— Aranzazu, 15 urte baino gehiago daramatzazu arlo honetako prestakuntza erdipresentzialean. Zenbat sukaldari-belaunaldi ikusi dituzu ikasketak amaitzen urte hauetan?
Dezente izan dira! Hunkigarria da atzera begiratzea. Gure Ikasgela Birtualetik eta aurrez aurreko saioetatik igaro diren pertsona asko beren jatetxeak zuzentzen ari dira gaur egun. Beste batzuk sukalde pribatuetan edo publikoetan ari dira lanean.
— EITBren erreportajean, ikasleak pistoa egiteko osagaiak prestatzen ageri dira. Nola antolatzen dituzue sukaldeko aurrez aurreko saioak? Zer errezeta-mota lantzen dituzue?
Errezetak aukeratzeko, Lanbide Heziketako Oinarrizko Curriculum Diseinua (OCD) hartzen dugu kontuan, batez ere. Modulu bakoitzak teknika eta eduki jakin batzuk lantzen ditu. Horren arabera antolatzen ditugu Galdakaoko eta Gamarrako sukaldeetako saioak. Barazkiak, arrozak, haragiak, arrainak, itsaskiak, lekaleak eta postreak prestatzen ditugu, besteak beste. Pistoa bezalako platerak edo errezeta landuagoak aukeratzen ditugu. Horrela, funtsezko hainbat teknika batera lantzen ditugu, eta praktika-ordu bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzen diogu.

Aranzazu Liceranzu, Sukaldaritza eta Gastronomia zikloko koordinatzailea
— Logistikari dagokionez, nola kudeatzen dituzue saio horietarako lehengaiak?
Galdakaoko eta Gamarrako Ostalaritza Eskoletan arduratzen gara logistikaz, eskaerez eta lehengaiak aukeratzeaz. Ikasleak sukaldera iristen direnean, badakite zer errezeta prestatuko dituzten. Osagai guztiak eta ekipamendua prest dituzte, mantala jantzi eta lanean hasteko.
— EITBren erreportajean esaldi esanguratsu bat entzun genuen: “Goizez lan, arratsaldez kozinatzen ikasi”. Merezimendu handia du zuen ikasleen ahaleginak. Nola uztartzen dituzte ikasketak eta gainerako ardurak?
Hala da. Gure irakaskuntza erdipresentzialaren abantaila nagusia malgutasuna da. Ikasleek online ikasketak lanarekin eta bizitza pertsonalarekin uztartzen dituzte. Praktika trinkoak, berriz, Galdakaoko eta Gamarrako saioetan egiten ditugu. Diziplina behar da. Baina oso pozgarria da ikasleen motibazioa ikustea eta minutu bakoitza nola aprobetxatzen duten jakitea.
— Urte hauetan guztietan, aldaketarik sumatu al duzu zikloan matrikulatzen diren pertsonen profilean?
Bai, argi eta garbi. Beti izan ditugu askotariko ikasleak. Baina azken urteotan gero eta gehiago dira beren burua birziklatu edo lanpostuan gaitasun profesionalak hobetu nahi dituztenak. Beste batzuek oposizioetara aurkeztu nahi dute. Badira, halaber, betidanik izan duten zaletasunari prestakuntza akademikoa eman nahi diotenak.
— Bideoan bi kasu adierazgarri ageri dira: ingeniari bat eta mediku bat. Zure ustez, zer bilatzen dute ibilbide profesional sendoa duten pertsona horiek BIRTLHn ikastean?
Nire ustez, sukaldaritza maite dute, eta hainbat teknikarekin kozinatzen ikasi nahi dute. BIRTLHn beren erritmora ikasteko aukera dute. Lanbide bat badute, baina baita aspaldiko jakin-min edo bokazio bat ere. Gure irakaskuntza-modalitateari esker, ikasketak eguneroko bizimoduan txerta ditzakete.
Zuk ere urratsa egin nahi baduzu eta sukaldaritza maite baduzu, zatoz eta ezagutu BIRTLHko Sukaldaritza eta Gastronomiako Erdi Mailako Heziketa Zikloari buruzko informazio guztia. Biba zuek!