Ikasketetarako sarbidea
Onarpen-prozesua
Onarpen-prozesuak hiru fase ditu:
- Egin nahi dituzun moduluen aurreinskripzioa (inguruabar baremagarriak alegatzen badituzu, horiek egiaztatzeko dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko duzu)
- Esleipena, non matrikulatu ahal izango zaren moduluak baremo-ordenaren arabera esleituko zaizkizun.
- Matrikula eta ordainketa, zeinean aukeratuko dituzun egokitu zaizkizun moduluak, behin betiko egitea erabakitzen dituzunak.
Esleitutako modulu guztietan matrikulatzea derrigorrezkoa ez denez, beti geratzen dira ondorengo esleipenekin betetzen diren plaza libreak: prozesua ez da lehen esleipenean amaitzen, eta irailera arte luza daiteke.
Esleipenak Ikasgunearen bidez argitaratuko dira. Prozeduran zehar, abisuak bidaliko zaizkie parte hartzen duten pertsona guztiei, posta elektronikoaren eta sms bidez, zure aurreinskripzioan eman duzun telefono mugikorrera. Horregatik, emandako kontaktuak zuzenak direla egiaztatu behar duzu.
Prozesua behar bezala egiteko, bete jarraibide eta aholku hauek:
Zalantzak badituzu
harremanetan jarri gurekin
1. Aurreinskripzioa
1.1. Aurreinskripzio-eskaerarako moduluak zehaztu
Matrikulatzeko gomendioak

- Hartu unetxo bat eskabide-orrian moduluak behar bezala ordenatzeko. Lehentasun-ordena horrek zehaztuko ditu egin ditzakezun moduluak.
- Modulu bakoitzarentzat balioetsitako asteko orduak eta ordu totalak kontuan har itzazu. Ziklo bakoitzaren “Moduluak” atalean dituzu.
- Arreta berezia jarri moduluak aukeratzeko ordenan (kontuan izan batzuek baldintzak dituztela). Ziklo bakoitzeko “Matrikularako argibideak” atalean daukazu.
- Saio presentzialak dituzten moduluen ordu presentzial kopurua (existitzen badira), ordutegia eta egutegia kontuan har itzazu. Ziklo bakoitzaren “Moduluak” atalean dituzu.
- Zure egoera pertsonala, familiarra eta profesionala kontuan hartuta, astero ikasteari dedikatu ahal izango diozun ordu-kopurua kalkula ezazu, zure matrikula doitzeko.
- Bete zure eskaera ideala (nahi duzunari gehien egokituko litzaiokeena). Aurreinskripzioa egitean, burutzeko asmoa dituzunak baino modulu gehiago aukeratzea gomendatzen dizugu. Kontuan izan ezazu agian ez zaituztela modulu guztietan onartuko.
- Nahiz eta matrikulan ezingo duzun gainditu ordu-muga (700 ikasle berria zarenean eta 1.000 sartzeko lehentasuna duzunean), aurreinskripzioan ordu-kopurua mugagabea da.
- Baliozkotzat edo salbuetsitzat jotzen dituzun moduluetan ez matrikulatzea gomendatzen dizugu. Baliozkotzeei eta salbuespenei buruzko informazioa kontsultatzeko tresna hau erabili.
Ez duzu matrikulatu behar baldintzak betetzen ez dituzun moduluetan:
Modulu bakoitzaren eskakizunak (izanez gero) dagokion zikloko “Matrikularako argibideak” atalean kontsulta ditzakezu. Modulu bateko baldintzak betetzen ez badituzu eta bertan matrikulatzen bazara, litekeena da hori gainditzeko gai ez izatea. Bi aukera izango dituzu:
- Modulua ez gainditzea; beraz, 2 deialdi kontsumituko dituzu eta, ziurrenik, hurrengo ikasturterako lehentasuna galduko duzu matrikulazioan.
- Matrikula baliogabetzea; beraz, hurrengo ikasturterako lehentasuna galduko duzu matrikulazioan.
1.2. Aurreinskripzio-eskaera egin
Aurreinskripzio datak 2025-2026
Sartzeko eskaera eta dokumentazioa aurkeztea | Ohiko epea |
---|---|
Eskaera aurkeztea | maiatzaren 5etik 23ra bitartean |
Eskaera aldatzeko edo zuzentzeko aukera | maiatzaren 23ra arte |
Dokumentazioa aurkeztea | ekainaren 30era arte, dokumentazioa online edo aurrez aurre aurkezten dutenentzat, eta ekainaren 20ra arte gainerakoentzat. |
Ezin badituzu izapideak epe horretan egin, beharrezko dokumentazioa ez duzulako edo dena delako arrazoiengatik, kontuan izan ezohiko aldi bat dagoela, libre geratzen diren plazak esleitzeko irekitzen dena.
Ikasgunean sartzeko jarraibideak
- 1. urratsa: Erregistratu Ikasgunean.
- 2. urratsa: Sartu zure kontuan.
- 3. urratsa: Ezkerreko menuan, zabaldu Administrazio-prozesuak eta laguntzak azpimenua, eta hautatu Onarpen eskaerak aukera. Hurrengo pantailan, egin klik LH urrutikoa aukeran.
- 4. urratsa: Sortu urrutiko LHko eskaera berria, eta hautatu interesatzen zaizun zikloa.
- 5. urratsa: Aukeratu izena eman nahi duzun moduluak lehentasun-ordenaren arabera, aurretik emandako aholkuei jarraituz.
- 6. urratsa: Eskaera bete ondoren, gorde, bidali eta inprimatu.
- 7. urratsa: Eskaeran aldaketak egin nahi izanez gero, epea irekita dagoen bitartean egin ahal izango da.
- 8. urratsa: Aurreinskripzioan bertan online dokumentazioa ez baduzu eransten, aurkeztu horretarako ezarritako edozein lekutan (ez da beharrezkoa eskabidearen kopia ikastetxera bidaltzea).
Dokumentazioa
Zer dokumentazio aurkeztu behar den
- Esleipenean parte hartzeko, nortasun-agiria (NAN, AIZ, …) baino ez da behar, bi aldeetatik.
- Hala ere, dokumentazio hori ez da beharrezkoa izango eskaera online egiten denean Ikasgunearen bidez, atari honek pertsonaren nortasuna ziurtatzen baitu.
Ondoko egoera baremagarriak kontuan hartzeko, alegatu egin behar dira, eskabidean markatuz. Egoeraren bat alegatuz gero, honako hauek aurkeztu beharko dira:
- Erroldatuta egotea: EAEn erroldatuta egotearen ziurtagiria, eskaera egiteko epea hasi ondoren emana.
- Langilea edo langabetua izatea: Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren ziurtagiria edo enplegu-eskatzaile izatea egiaztatzen duen agiria, eskaerak aurkezteko epean egoera hori egiaztatzen duena.
- Zikloan gainditutako moduluak izatea: Ziurtagiri akademiko ofiziala, eskatutako moduluei lotutako zikloko moduluen kalifikazioak jasotzen dituena.
Moduluak Euskal Autonomia Erkidegoan egin badira 2014/15 ikasturtearen ondoren, eta espedientea Hezkuntza Sailaren aplikazioetan agertzen bada, ez da beharrezkoa dokumentazio hori aurkeztea (baina alegatu egin beharko da). - Zikloari lotutako konpetentzia-unitateak aitortuak izatea: Profesionaltasun-ziurtagiriaren titulua edo eskatzen diren moduluen zikloari lotutako konpetentzia-unitateen ziurtagiria.
- Titulazioa: Goi-mailako moduluetarako Batxilergoko titulua edo baliokidea, eta Erdi-mailako moduluetarako DBHko titulua edo baliokidea.
Ziurtagiri akademiko ofiziala, barematzeko alegatzen den tituluaren batez besteko nota adierazten duena.
Tituluak batez besteko nota argi eta garbi adierazten badu, nahikoa da dokumentu hori aurkeztea, eta ez da beharrezkoa ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztea.
Titulua lortu dela frogatzen duen agiria aurkezten denean, aurkeztutako dokumentazioan tituluaren batez besteko nota eta kalifikazio osoak agertzen ez badira, atal honetan 5 puntu emango dira.
Dokumentazio osagarria kasu zehatzetarako bakarrik:
- Desgaitasun-ziurtagiria, %33koa edo handiagoa.
- Errendimendu handiko kirolariaren ziurtagiria.
- Tasak murrizteko ziurtagiria: familia ugaria, terrorismoaren biktimak eta senideak, desgaitasuna duen pertsonaren bat ardurapean duten familiak, genero-indarkeriaren biktimak.
Nola aurkeztu behar den dokumentazioa
Eskatutako dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean idatzita egon behar da (euskaraz edo gaztelaniaz).
Ikasturte honetan edo aurrekoetan BIRTLHn matrikulatuta egon diren ikasleek ez dute zertan dokumentaziorik aurkeztu, lehentasuna galdu ondoren barematzeko moduko egoeraren bat alegatu nahi ez badute.
Dokumentazioa Ikasgunea plataformara igoko da artxibo bakar batean (pdf edo antzekoa), atal bakoitzeko.
Espedientea 2014-2015 ikasturtea baino geroagokoa bada eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan agertzen bada, ez da beharrezkoa izango titulua edo espediente akademikoa aurkeztea. Gainerako kasuetan, dokumentazioa ekainaren 16a baino lehen aurkeztu beharko da.
Prozedura oso-osorik online egitea gomendatzen da.
Parte-hartzaileek beren gain hartzen dute aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasunaren erantzukizuna. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatzen bada, prozedura honetan parte hartzeko eskubidea galduko dute, legokiekeen erantzukizun zibil edo penalaren kalterik gabe. Beharrezkotzat jotzen bada, jatorrizko dokumentazioa edo dokumentazio konpultsatua aurkezteko eskatuko zaio interesdunari.
Argibidea
- Baliozkotze eta salbuespenaren prozedura ikaslea matrikulatu ondoren hasten da; beraz, fase honetan ez da horretarako dokumentaziorik aurkeztu behar (dokumentazio hori ez da kontuan hartuko inolako ondorioetarako).
2. Esleipena
3. Matrikulazioa eta Ordainketa
Matrikula konfirmatu aurretik, egiaztatu modulu bakoitzaren baldintzak: kontsultatu “Matrikularako argibideak” atala eta egiaztatu baldintzak, saio presentzialen egutegia, guztizko orduak, etab. Dena zuzen badago, baieztatu matrikula eta egin ordainketa.
Prozedura Ikasgunearen bidez egiten da. Esleipen batean (ikus esleipen-daten eta matrikularen koadroa) plazaren bat egokitu bazaizu, zure eskabidean “matrikulatu” botoia agertuko da. Sakatu eta Administrazioaren ordainketa-pasabidera sartuko zara. Matrikula osatzeko jarraibideak bete behar dituzu.
Gogoratu ordainketa dagokion epean egiten ez bada ez zarela matrikulatuko eta egokitu zaizkizun plazak itxaron-zerrendako kideei esleituko zaizkiela hurrengo esleipenetan.