Historian, emakumeen talentuak aztarna sakona utzi du elektrizitatearen arloan, Hertha Marks Ayrton eta Helen Edwards dira emakume horietako batzuk, baita Marie Curie bera ere. Zailtasunak zailtasun, oinarrizko aurkikuntzak egin dituzte arlo horretan eta beren ondarearen bidez berriro frogatu dute ezagutzak eta aurrerabideak ez dutela generorik. Hori guztia horrela izanda ere, gaur-gaurkoz emakumeen presentzia sektore horretan txikia da oso.
BIRTLHn, Instalazio Elektriko eta Automatikoen zikloan historikoki emakume gutxi matrikulatu izan dira. Orain dela urte gutxi, ziklo horretan matrikulatako emakumeak % 6 bakarrik ziren, baina azken urteetan % 14ra iristea lortu dugu. Aurrerapen esanguratsu horrek agerian uzten du emakumeek gero eta interes handiagoa dutela tradizioz maskulinoak izandako eremuetan trebatzeko.
Martxoaren 8a dela eta, Elektrizitatea eta Elektronika familiako ziklo honetan prestatzea erabaki duten BIRTLHko bi emakumezko ikasleren esperientzia ezagutu nahi izan dugu. Zergatik aukeratu zuten bide hau? Nolakoa izan da haien esperientzia nagusiki maskulinoa den ingurune batean?

Claudia y Elena
Elena Salgado Coloradorekin eta Claudia Muñoz Gallegorekin hitz egin dugu beren historia ezagutzeko.
Zergatik aukeratu zenuten Instalazio Elektriko eta Automatikoen zikloa? Arlo hori interesatu zaizue beti?
E.S: Ziklo honetan izena ematea erabaki nuen nire ezagutza teknikoak areagotzeko eta egungo lanpostuan aplikatu ahal izateko. Nire aurreko prestakuntza arlo humanistikoari lotuta egon arren, beti izan dut elektrizitatearen mundua ezagutzeko jakin-mina.
C.M: Lanbide Heziketa oso interesgarria iruditu zait beti. Institutua amaitu nuenean, ez gintuzten gehiegi bideratu Lanbide Heziketara, eta beti izan dut arantza hori sartuta. BIRTLHko aukerari esker, ikasten eta etorkizun berri bat eraikitzen ari naiz.
Ziklo hori maskulinizatuena izan da gure zentroan. Pentsatzen dut hori nabarituko dela aurrez aurreko saioetara joaten zaretenean… nola daramazue hain emakume gutxi dituen talde bateko kideak izatearen kontu hori? Emakume izategatik egoera bereziren bat bizi izan duzue?
E.S: Egia da taldean gizonezkoak direla gehienak, baina ekipo bat osatu dugu hasiera-hasieratik, eta elkarri laguntzen diogu. Norbaitek zalantzak dituenean, beti dago baten bat laguntzeko prest, eta horrek izugarri erraztu du egokitzapena. Arlo pertsonalean, nabaritu dut gizonezko kide batzuek harreman estuagoa izan dutela elektrizitatearen arloarekin, aurretik laneko esperientziaren bat izan dutelako edo pertsonalki interesatu zaielako.
C.M: Bai, oso emakume gutxi gara, gutxiegi agian, baina, Elenak dioen moduan, taldekideen arteko giroa oso ona da. Berdintasunez tratatzen gara, eta ez dut inolako diskriminaziorik sentitu.
Zuen ustez, zer aldaketa bultzatu behar da sektore honetan genero-ekitate handiagoa lortzeko? Zer ekintza edo ekimen bultzatu beharko lirateke?
E.S: Funtsezkoa iruditzen zait horrelako lanbideetan emakumeen presentzia ikusarazteko ahalik eta bitarteko gehien erabiltzea. Era berean, nire ustez, ikusgarritasun hori lehen hezkuntzatik hasi behar da lantzen; hartara, adin horretako haurren artean normalizatu egingo da emakumeen presentzia tradizioz maskulinoak izan diren sektoreetan; izan ere, nerabezaroan erabaki akademiko eta profesionalak dagoeneko zehaztuta daude.
C.M: Erabat ados, nik ere uste dut gakoa hezkuntzan dagoela, bai ikastetxe eta institutuetan, bai familian eta, oro har, gizartean. Gainera, publizitateak, teknologia berriek eta sare sozialek funtsezko zeregina dute aldaketa horretan. Zenbaitetan iruditzen zait alderdi batzuetan, aurrera egin beharrean, atzera egiten ari garela; hortaz, garrantzitsua da ikusgarritasun hori lantzen jarraitzea.
Etorkizunari begira, nola ikusten duzue zuen burua sektorean lanean? Ba al duzue helburu edo espezializazio jakinen bat buruan?
E.S: Espero dut ziklo honetan eskuratutako ezagutzak lagungarriak izatea nire oraingo lanpostuaren funtzioak hobeto betetzeko. Hala ere, aukera berrietara ere irekita nago. Agian, prestakuntza praktikoan, espezializazio bat deskubrituko dut, are gehiago gustatuko zaidana eta nire ibilbide profesionala berriro planteatzera eramango nauena.
C.M: Niri gustatuko litzaidake goi mailako zikloarekin jarraitzea eta, noski, profesionalki sektore honetan garatzea.
Azkenik, zer mezu helarazi nahiko zenieke etorkizun profesionala sektore honetan edo antzeko beste batzuetan egitea aztertzen ari diren beste emakume batzuei?
E.S: Emakume guztiak animatzen ditut benetan gustukoa duten lanbide bat aukeratzera, tradizionalki sektore maskulinizatua izatearen kezka hori albo batera utzita. Pixkanaka, emakumeen presentzia areagotzen ari da arlo askotan, adibidez, garraio publikoan, enpresen zuzendaritzan eta medikuntzan. Gainera, lanbide teknikoetan profesionalen eskaera handia eta lan aukera asko daude; beraz, merezi du pausoa ematea. Pausoa eman behar dugu beldurrik gabe!
C.M: Lanbide Heziketak lan aukera asko dituzten lanbide zeharo dinamikoak eta praktikoak eskaintzen ditu hainbat arlo teknikotan, adibidez, elektrizitatean, mekanikan, iturgintzan edo zurgintzan. Emakume izatea ez da eragozpen bat sektore horietan ongi moldatzeko, ezta moduluak gainditzeko ere. Aitzitik, nire ustez, gure presentzia balio erantsi bat da eta are gehiago ikusarazi behar ditugu hain zirraragarriak diren lanbide hauek.
Haien esperientzia gogoetarako gonbidapen bat da, baita inspirazio-iturria ere, estereotipoei aurre egin eta lanbide-heziketan beren mugak ireki nahi dituzten beste emakume batzuentzat.